XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZIMURDURAK. Imanol Murua

Behin bakarrik joan gara bizitza osoan ehizera.

Hamazazpi urte inguru izango nituen, eta eskupetarik ez nuenez, artean herritar kezkatu soila zen Imanol Muruak eskuratu zidan bere adiskide batena eta han joan ginen biok, gaur Diputatu Nagusi denak hain ongi ezagutzen dituen Laurgaingo parajetara.

Oilagorren garaia zela esan zidan nik apenas dakidan gauza hauetaz ezer eta ikusi ere ikusi genuen oilagor bat eta eskupeta jaso nuen begi parera tiroa botatzeko pronto: - Etzak tirorik bota! Hori Diputazioaren akotatua duk - esan zidan eta errespetoz obeditu nion.

Nork esan behar zidan orduan ehiztarikide nuen hura oilagor haren Diputatu Nagusi izatera ere iritsiko zenik?

Eta tiro bakar bat bota gabe bueltatu behar izan nuen etxera.

Anekdotaz oroitu naiz Imanol Muruak kupoari ezezkoa eman dionean.

Eskupeta begitaraino jasoa zuen baina, azkenean, bere erretserba eta guzti, tirorik bota gabe geratu da egun haitako tenplea galtzeke duela adieraziz.

Oraingo oilagorra akotatua duelako, oilagorra ala Debako zisnea den ongi berezi ez duelako edo tiroka ihardun behar jokabide demokratiko tristeari ere bizitza osoan eutsi ezin omen zaiolako.

Baina tirorik gabe geratu da.

Behin behineko ezetza bota izan balu ere, berdin omen zitzaion, itunak bere indar guztia izango omen zuen.

Geuk ere tiro hura bota izan bagenu, oilagorrik joko ez genuen bezalaxe.

Gauzak horrela, denborak esango du guzti hau nola hezurmamitzen den.

Geuk ez dugu ekonomiaren arrastorik, jakin izan dugun bakarra Francoren garaitan esaten zitzaigun hura: zenbat ematen genion Espainiari eta zein gutxi jasotzen omen zuen Euskal Herriak.

Kupoaren gorabeheretan ez dugu tutik ere ulertu.

Denborak, geroak esan beza zer arraio gertatu den, nork nori sartu dion ziria (eta ez da, horrelakotara ohiturik ez bagaude ere, derrigorrezkoa inork inori ziria sartzea).

Soldaduskako exceso de cupo-aren antzeko hori nora makurtzen den jakitea ez da, berez, garrantzitsuena, izenpetu den ituna zuzen eta inorako eskoramenturik gabe onartua izan den jakitea baizik.

Egia da hala ere gero eta oilagor gutxiago dagoela gure mendietan.

Zailagoa da pobrezia administratzea aberastasuna baino.

Eta eskasia egunetan ezagutzen da pertsonaren benetako tenplea.

Aholkuz eta barne hizketaz beterik dator gure gaurko kolumnatxo hau, garai hartan tirorik bota ez genuenez, ea oraingoan laurgain inguruko oilagorren bat dastatzera gonbidatzen gaituzten.

Prest edukiko gaitu Diputatu Nagusiak, horren ordainetan makroekonomiako zifra guztiak banan-banan errezatzen badizkigu ere.

Botatzen utzi ez zigun tiroak balio du hainbeste.

(Usoz-en argazkia).

Anjel LERTXUNDI.